Informazioz iturria “El Correo”«Kulturgileek, sortzaileek eta zaleek elkar ezagutzeko espazioa sortu dugu»

Oihana Bartrak eta Lutxo Egiak BIBA proiektua sortu dute euskal kultura bultzatzeko.
Oihana Bartrak eta Lutxo Egiak BIBA proiektua sortu dute euskal kultura bultzatzeko. / JORDI ALEMANY
  • Oihana Bartrak eta Lutxo Egiak, BIBA egitasmoko kideek, Bilboko euskal kultura erdigunean kokatzen duen proiektua aurkeztu dute

BIBA hainbat kulturgilek, sortzailek eta euskaltzalek bultzaturiko herri-proiektu bat da. Bilboko Erronda kalean zabaldutako tabernan du egoitza. Bertan, hainbat diziplinatako zuzeneko ekitaldiak eskaintzen dituzte, hiriko euskal artista hasiberriei leku bat eginez. Horrez gain, BIBA euskal kulturaren esparruan diharduten bilbotarrak harremanetan jarri eta haien arteko elkarlana abiatzeko gunea ere bada. Oihana Bartrak eta Lutxo Egiak egitasmoaren berri eman digute.

Zer da BIBA?

Herri-proiektu bat da, Bilbon kultura bultzatzeko sortutakoa. Zehatzago esanda, batez ere euskal kultura eta kultura hasiberria sustatu nahi dugu. Horretarako, lan-ildo eta ideia zenbait jarri ditugu martxan, pixkanaka eta beharren arabera moldatzen joango garenak.

Nortzuek bultzatzen duzue?

Bilbon kulturaren inguruan mugitzen garen hainbat pertsonak bultzatzen dugu BIBA. Kulturgileak, kultura-sortzaileak zein kulturzaleak. Eta, jakina, parte hartu nahi duen edozein kulturzaleri zabalik dago proiektua.

Zeintzuk dira egitasmoaren helburu nagusiak?

Esan bezala, kultura bultzatzea da helburu nagusia. Bilbon hainbat pertsona daude kulturaren inguruan lanean, eta horiei guztiei leku bat egin nahi genieke. Bilboko kulturaren egoera zein den ere aztertu nahi dugu, bai eta kultura-sortzaileen sarea sortu ere. Bilbon jadanik oso ugaria den kultur bizitzari beste aletxo bat ipini nahi diogu, gure estilora egina.

Euskal kulturari dagokionez, zer hutsune identifikatu dituzue Bilbon?

Hutsuneak begi-bistakoak dira: programazioan, komunikazioan, sorkuntzan… Baina hori baino garrantzitsuagoa da, guk uste, kultura horrek zer-nolako harrera duen espazio batean edo programazio batean, menperatu edo minorizatu moduan ageri den ala ez. Galdera hori ezinbestekoa da. Zer harrera egiten zaio euskarazko kulturari gure hirian? Kuota da? Non da kuota? Non dago erdal kulturaren pare? Kafe Antzokia adibide ona da. Erdal kulturak presentzia handia du agendan, baina gure kultura ez da minorizatu gisa ageri. Ikuspegi hori Bilboko espazio eta programazio askotan ezarriko balitz, gaitzerdi!

Egitasmo sendoaz gain, garrantzitsua da espazio fisiko bat izatea? Zertan laguntzen dio tabernak ekimenari?

Bai, bada. Eta, gainera, hori ere bada BIBA. Ez hori bakarrik, baina Erronda kaleko kulturgunea ere bada. Topagunea. Elkar ezagutzeko, biltzeko edo proiektuak martxan jartzeko espazioak beharrezkoak dira. Espazioa ireki dugunetik hamaika ideia berri sortu dira, hamaika lagun interesatu dira eta hamaika konplizitate sortu dira. Espazioa proiektuaren parte bat da eta hura aberastuko du, ez izan dudarik.

Zein izango da kultura-laborategiaren funtzioa?

Sortzaileok elkar hobeto ezagutzeko eta, ahal den neurrian, proiektuak elkarrekin martxan jartzeko balio beharko luke. Beste edozein kultur-laben bezalaxe, azken finean. Bestalde, galdera zenbait azaleratzeko ere balio beharko luke: Zer da kultura? Zertarako sortu? Non eta nola eragin? Zer arriskatu? Zerk zamatzen gaitu sortzaile eta kulturgile moduan? Asmoz, kultura-robotizazioari ihes egiteko.

Bestalde, kulturaren egoeraren gaineko ikerketa bultzatuko duzue…

Bai. Gite-Ipes elkartearekin elkarlanean egingo dugu. Bilboko kulturaren egoeraren erradiografia bat egin nahi dugu. Zein den Bilboko eta auzoetako errealitatea, zer ari den egiten kulturaren inguruan, zein eragile dagoen, zer kultura-espazio… Hartara, errealitatea zein den jakinda, beharrak zeintzuk diren identifikatu eta gure lana bideratu ahal izango dugu.

Aurrerago, sormenarekin lotutako ekarpen original propioak egiteko asmoa ere baduzue.

Ez dago presarik, baina bai, horixe da asmoa, BIBAtik elkarlanak sortzea. Errazena geure programazioari begirako elkarlan artistiko txipiak egitea izango da, baina BIBA Bilborako proiektua da eta sorkuntza ere bada horren baitan. Hasieran frogatzen jardungo dugu, agian erratzen, ziurgabetasunean murgil egiten, menturatzen, espazio lausoetan barneratzen, proposamen likinetan biskatzen, amiltzen, gozatzen eta dibertitzen.

Funtsezkoa deritzozue Bilboko euskal kulturaren mapa osatzeari. Zergatik?

Aipatutakoaren haritik, Bilboko mapa hori osatzen dugunean, lanerako tresna oso potentea izango dugu eskuartean. Adibidez, auzoetan modu isolatuan egiten ari diren lanen zirkuitua sor daiteke, elkarlana, zabalpena… Aukera asko zabaltzen ditu mapa hori osatuta izateak. Emaitzak eskuartean ditugunean egingo dugu horren irakurketa zehatza.

Espazioaren mugak

Zertan datza zuek bultzatu nahi duzuen Bilboko kultura-eskaintza alternatiboa?

BIBAn, kulturgunean, espazioak mugatu bezainbeste gidatu egiten gaitu. Formatu txikiko proposamenek bakarrik izan dezakete tokia, non sortzaileen eta ikus-entzuleen arteko harremana hertsiagoa den. Formatu txiki horretan sortzaile hasiberrientzako lekua egin nahi dugu, bestelako zirkuituetarako sarbiderik ez dutenak. Eta euskarazko sormenak ere leku berezia izango du.

Hortaz, edozein diziplinatako sortzaile berri, bazterreko eta txikiei ateak ireki dizkiezue.

Jakina. Programazioari dagokionez, harremanetan jarri gara hainbat sortzailerekin lehen bultzada emateko, baina dagoeneko ari gara beste sortzaile batzuen deiak jasotzen. Espazioan aritzeko gogoa sumatu dugu. Baina sorkuntza eta ikerketarako proposamenak ere iritsi dira. Ateak zabalik daude. Gu ez gara honetatik bizi, hemen gaude sinesten dugulako gauzak egin daitezkeela eta, zentzu horretan, ateak zabalik daude zuzenean aritzeko edo dagoeneko gaudenokin batera proiektuari forma emateko.

Nola baloratzen duzue orain arteko harrera? Zein izaten ari da bilbotarren erantzuna egitasmo berriaren aurrean?

Oraingoz nahiko harrituta eta pozik gaude proiektuak izandako harrerarekin. Guk diagnostiko batetik abiatu genuen egitasmo hau, baina ez genekien gure diagnostikoak zenbateraino egingo zuen bat jendearen benetako beharrekin. Baina oraingoz sekulako erantzuna jasotzen ari gara, eta etengabe eskaerak eta proposamenak iristen ari zaizkigu. Jendea gogotsu nabaritzen dugu, eta horrek proiektu honen beharra bazegoela berresten digu.